POST METAL

Prezioak : 14 €tik 17 €rat / Bertan 20 €
ORAIN EROSI

20:00 MARTXOAREN 16a ASTELEHENA

RUSSIAN CIRCLES

Ordulari baten erregulartasunarekin, RUSSIAN CIRCLES Chicagoko hirukote instrumentalak 2006ko Enter lehen diskotik dentsitate handiko eta ekoizpen bikaineko post-metal harribitxiak argitaratzen ditu. Empros (2011) eta Guidance (2016) disko bikainei esker, taldea metal astun eta instrumentalaren erreferentzia nagusia bilakatu da. RUSSIAN CIRCLES Blood Year diskoarekin dator orain. Taldearen orain arteko diskorik metalena dela erran daiteke. « Milano » edo « Quartered » bezalako kantu ezin indartsuagoak biltzen ditu. Entzulearen belarriak zafratzen dituzten doinuak, hardcore musikatik hurbil. Zazpigarren diskoa da honakoa. Taldearen diskografia osoak ileak zut jartzen dizkigu. Kaskoan patxadaz entzuteko musika sakona da. Eta kontzertuak, beti berdin. Denborak ez ditu Mike, Brian eta Dave inola ere markatzen. Hirukotearen talentu harrigarriak eta zehaztasunak zinez xoratzen gaitu!

TORCHE

Metal musikari aire berria ekarri dioten taldeen artean, ezin aipatu gabe utzi Floridako TORCHE taldea. Astuntasunaren orratzak muturrera eraman ditu, gitarrak ezin apalago afinatuz. Baina, aldi berean, doom-sludge folklorea gainditu eta doinu indartsuak eta arras alaiak uztartu ditu. « Skate sludge » musika dela diote batzuek, taldearen punk-rock aldea azpimarratzeko. Baina, taldea horretara mugatzea ez da zuzena. Bere musikaren aberastasunaren parte oso bat bazter uztea litzateke. Noise, shoegaze edo alt-rock iturrietatik ausarki edaten du… TORCHE 2004an sortu zen. Bost disko gogoangarri argitaratu ditu, eta bereziki 2008ko Meanderthal diskoa (Hydra Head records). Distortsio-musikaren historia markatu du. Ahots harmonia garbiei eta irri zozoa eragiteko gaitasunari esker, TORCHE taldeak Beach Boys taldearen doom bertsioa ekartzen du gogora. Admission azken diskoan, laukotearen drakkar itsasontzi gerlatia shoegaze lurraldeetan lehorreratzen da. Eta, emaitza, berriz ere, arras atsegingarria da!