DOOM METAL

Prezioak : 14 €tik 17 €rat / Bertan 20 € / ORAIN EROSI / Auto partekatu

21:00 IRAILAREN 28a OSTIRALA

AMENRA

Flandriarrek post-hardcore eszenaren eraginak barneratu dituzte (Neurosis, Isis, Cult Of Luna). Hamabost urtez, sei disko argitaratu (guztiak « Mass » izenarekin zerrendaturik) eta nehorrek ez bezalako doom-metal progresiboa, atmosferikoa, paroxistikoa eta guziz katarsikoa sortzen asmatu dute. Bjorn Lebon bateria jotzailearen erritmo mantsoetan oinarriturik, gitarra riff luze eta astunek Amenra taldearen soinu katedrala osatzen dute. Taldeak prozesu mistiko bat ikertzen jarraitzen du. Taldearen kontzertuak ingelesez, flandieraz edo frantsesezko erritu pagano bakanak izan ohi dira. Beti publikoari bizkar agertzen den Colin Van Eeckhout kantariaren ahots gordinak eta oihu barnakorrek zeremonia horiek gidatzen dituzte. 2017an argitaratutako « Mass VI » diskoak aldaketa markatu zuen. Taldearen indar ikaragarria bazter utzi gabe, musikaren gorabeherak eta alde errepikakorra gehiago azpimarratu zituen. Amenraren kontzertuak harrigarriak dira. Estetika arras landua dute (Church of Ra kolektiboaren lana). Apokalipsia eta kaosa erromantizismo beltzez janzten asmatzen dute. Soinu tarte lasaigarrien ondotik, Amenrak berriz gogor ekiten dio. Sufrimenduaren sakontasun abisalak ikertzen ditu, baina, beti argia jalgiarazteko.

OBSCURE SPHINX

Obscure Sphinx taldea diskotik diskora ilunagoa da. Doom, sludge eta post-metal/shoegaze musikak uztartu eta gure gogoaren laburbideak eta bihurguneak ezagutarazteko horiek eskaintzen dituzten astuntasunaz eta geldotasunaz baliatzen da. « Epitaphs » izeneko azken diskoak belztasuna, iluntasuna, antsia, noraezeko gogoa eta gauza desatseginak azaleratzen dituen psikoanalisia biltzen ditu. « Epitaphs » diskoarekin, Poloniatik datorren talde honek gailurra jo du.