ROCK - MUSIQUE PATRIMONIALE

Prezioak : 3 €tik 6 €rat / 2 egun bonoa 10 €
ORAIN EROSI

19:00 OTSAILAREN 13a LARUNBATA

Atabal eta Pagans aurkezten dute:


[ PAGANS & LAGUNAK ]

ARTÚS

2000 urtetik, 400 kontzertu baino gehiago eman ditu taldeak. Badu 20 urte memoria arakatzen ari dela, bizi izan ez dituen oroitzapenen bila. Artúsek bere generoa sortu du, tradizioaren dogmetatik aske eta bere buruaren jabe. Munduaren ikuspegi unibertsala lortzeko, tokikoa zalantza jartzen du (Pirinioetako edo Landesetako musikak, kantuak eta instrumentuak).
Artús etorkizunean sustraiturik dago. Erradikala eta menderaezina da. Indarra hartzen du rock noise eta progresibotik, musika esperimental eta industrialetik, kulturatik, poesiatik, kondairetatik eta Gaskoiniako musika tresnetatik. Gong, Gojira edo The Ex taldeekin jo izan du. Taldekideek, bestalde, Hart Brut konpainia artistikoa, La Ferronnerie grabaketa estudioa eta Pagans diskoetxea sortu dituzte, Paueren ondoan, Biarnon.
CERC lan berrian, kantu bakarra osatzen duten sei kantu bildu ditu taldeak. Magma edo Swans taldeen eraginak entzun daitezke diskoan.

MÄIRÜ

Irudika ezazue oroimenaren ahanzturan galdutako istorio zahar bat edo iniziazio-bidaia itxurako odisea bat. Irudika itzazue Panda Valium, Polygorn eta beste taldeetan aritutako sei protagonista, izate mistiko baten bila. Bada, poliki-poliki, beren bidaiaren egiazko helburuaz ohartuko dira, hau da, izaki bakar batean bat egitea: Maïrü.
Ipuin moderno hori musika izeneko hizkuntza unibertsalean kontatzen zaigu hemen, txalapartarekin iragan urrun batean sustraiturik, sintetizadoreekin eta gailu modernoekin guztiz gaurkoa den trantze eroan murgildurik; gure arbasoak gaur mintzo balira bezala.
Musika tribala, liluragarria, harrigarria, sailkaezina eta ausarta. Kasu, bihotza berotuko dizue!

ROMAIN BAUDOIN - Projet ARREHAR

Zarrabetea milaka urteko musika tresna da. Askotan instrumentu modernotzat hartu izan da (Vivaldi, Mozart…); baina, harrigarria bada ere, giro jakintsutik desagertu zen, eta forma herrikoi batean bakarrik iraun zuen. 1980ko hamarkadan, musikari ausart batzuk zarrabeteari interesatu zitzaizkion. Orduan, kantu garaikideen bidez, musika tresna hura jotzeko molde berriak garatu zituzten, eta, hola, instrumentuari maila teknologiko oso altua eman zioten.
Badu 20 urte baino gehiago Romain Baudoinek bilakaera horretan parte hartzen duela, Valentin Clastrier bezalako maisuekin batera. Hala, musika tresnaren anplifikazioa ikertzen ari da eta arkuaren ñabardurak onartzen dituen gurpil mugikorra bezalako berrikuntzak proposatzen ditu.
Alta, duela 5 urte, 1930ean egindako zarrabete tradizional bat erosi zuen. Izan ere, joko kalitate bikaina eta soinu betea eskaintzen zizkion, lehengo zarrabeteek bezala. Zarrabete honen itxurazko sinpletasuna zarrabete “modernoaren” kodeen kontrakoa iruditzen zaio, nahiz eta berez abiapuntua izan.
Hau baita hain zuzen haren gogoeta: garatu al daiteke tresna hori jotzeko beste molde garaikide bat, gaur egungo jotzeko maneren kontrara? Ikerketa honetaz gainera, Landesetako zarrabetearen “jatorria” ikertzen ari da. Horretarako, idatzizko eta entzunezko familia-dokumentu eta dokumentu publiko anitz bildu ditu; adibidez, “La mission Landes du musée des arts et traditions populaires”.