POP ELECTRO

Prezioak : 14 €tik 17 €rat / Bertan 20 €
ORAIN EROSI

21:00 AZAROAREN 29a OSTIRALA

MAXENSS

Pertsonaia sailkaezina da. Ezin zaio etiketarik eman. Izan ere, badu zenbait urte adierazpen forma guziak maisuki lantzen dituela. Youtube-en, telebistan edo agertokian, Maxenss-ek etengabe harritzen gaitu. Nostalgia puntu batekin bizi da eta hori bere lanean agerikoa da. Baina, halere, mutikoa geroari buruz itzulia da, osoki.
Nîmes hiriko gaztea lizeoko lagun batzuekin hasi zen musikan. FYSH taldeari esker, lehen agertokiak ezagutu zituen, eta, orduan, harentzat errebelazio bat izan zen. Ingelesezko hitzak idazten zituen, eta eskualdeko kontzertu gela anitzetan jo ahal izan zuen. Baina, berehala, Maxenss-ek beste manera batez adierazteko beharra sentitu zuen. Bere nortasunaren alderdi anitzak ikertu nahi zituen. Horretarako, bideo muntaketari buruzko formakuntzak ukan zituen. Ondotik, Youtube katea sortu zuen eta segidan edukiz bete zuen: esketxak, kantu ezagunen bertsioak eta berak sortu kantuak. Jendeak artista hibrido bat ezagutu zuen orduan eta bere jarraitzaile komunitatea etengabe hazten hasi zen.
2016ko irailean, “Chanson de la démonétisation” kantuari esker, bat-batean gora egin zuen. Egun, bideo horrek 13 milioi bisitari ditu. Kantu horrekin ukan arrakastaren ondotik, Maxenss ez zen ohoreak bildurik zango bat bestearen gainean egon. Alderantziz, nahasbideak ekartzeko parada baliatu zuen. Frantsesez idatzi lehen kantuak argitaratu zituen, malenkonia eztiarekin, erotasunarekin eta koloreekin betiere. Telebistan agertu zen ere lehen aldiz: Canal+ kateko Crac Crac emankizunean musika lantzen edo La France a un incroyable talent emankizunean aktore aldartetsuaren emanaldi aparta eskaintzen. VSO Nîmes-eko rap taldearekin batera grabatu EPari esker ezaguna da ere. Elkarrekin, urte eta erdi iraun zuen « Southcoaster Tour » kontzertu bira eman zuten. Hala, Frantzian gaindi ibili zen eta gero eta publiko zabalagoarekin topo egin zuen. Orduan, abenturarekin segitzeko segurtamena izan zuen. Esperientzia hori guzia bildurik eta artilezko trikotak fierki beztiturik, bakarkako proiektu berri batekin ekin dio 2019 urteari. Maxenss-ek bere barneko berri emanen digu. Hori segur. Nola eginen duen? Ikusiko duzue!

JULIEN GRANEL

Julien Granel garaiaren isla da. Bere belaunaldikoentzat, musika genero zehatz eta ezberdinduak iraganeko kontuak dira. Hala, Flume DJaren future bass musikaren eta Etienne Dahoren pop frantsesaren eraginak nahasten eta kantuei ukitu eta nortasun berezia ematen jakin du. Frantzia osoan kontzertuak eman ondotik (70 kontzertu baino gehiago), Julien estudiora sartu da, eta, Bastien Dorémus-ekin (Christine & The Queens), arras poperoa, bizia eta goxakorra den lehen EPa sortu du. Julien erabateko artista da. Kantagile kantaria eta ekoizlea izateaz gainera, Eva Husson-en Bang Gang film sarituan aktore gisa ari izan da lehen aldiz, eta, errealizazio lanetan aritzen da ere, sare sozialetan berak osoki filmatu eta muntatu « Freestyle Pop » famatuak argitaratzen baititu.